Euskara

 

ZER DA EUSKARALDIA?

Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dizugu: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.

11 EGUN EUSKARAZ, EGINGO AL DUGU PROBA?

ZER LORTU NAHI DUGU?

Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.
Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.
Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.

NOLA EGINGO DUGU?

Ondoko bi roletako bat har dezagun 11egunez:
AHOBIZI
Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.
BELARRIPREST
Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

NON EGINGO DUGU?

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan...
Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.

NORK HAR DEZAKE PARTE?

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena.
Ahobizi izateko, euskara hitz egiten jakin behar da.
Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.

Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!

ZER DA HAMAIKAKOA?

Hamaika laguneko taldea da hamaikakoa, inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez arituko direnak. Euskaraldia ekimenean ahobizi edo belarriprest izatea erabaki dute. Horretarako, gainera, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, lankide/ikaskide edo ezagun parte hartzeko aktibatzen saiatuko dira.

ETA BITARTEAN, ZER EGIN DEZAKEGU?

Herriz herri eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har dezakezu. Herriko eragile eta euskaltzaleek antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzen denok egin dezakegu gure ekarpena.

Albisteak

RSS iturria ikusi