Baliabideak

 

Mahatsondoak

Txakolinaren ganeko sarrerea

Euskal Herriaren historia bezain zaharra da Txakolina. Bizkaian eta Euskal Herriko beste hainbat lekutan ekoizten dan ardao mehe, gazte eta fruitu kutsuko hau ardaogintzako metodorik modernoenen eta mahastigintzako tradizinoaren arteko alkarketaren ondorioa da.

Mahastiak Kantauri itsasotik gertuen dagozan mendi-mazeletan dagoz, hesi naturalek ipar-sartaldeko haize hotzetatik babesten dabe. Mahats mordoak egokiro helduten dira udazkenaren hasieran heltzen dan hego-haizeagaz.

Mendeetako historia

Baserrietan mendeetan zehar egina, gizaldirik gizaldi igaroten ziran sekretuak beragaz daukazala, txakolina euskal kulturearen beste emoitza bat da, hortik bere ospe edo izen handi hori.

Beraren sustraiak Bizkaiaren oroimenean galtzen dira. Lehenengo aitamen idatziak XIII. mendekoak dira. Lekeitio edo Portugaleteko Ordenantzak moduko testu zaharretan gizartean aurkeztua izan zan. Portugaletekoek ontziei galarazoten eutseen edonongo ardaoaren zamea bertan arintzea, beti be Portugaleteko beste horrenbesteko txakolin kantitate eroaten ez baeben trukean. Lekeitiokoek ekoizleak zergetatik libre ixten ebezan mahats-landareak sareetan igoteagaitik.

Mahastiak Bizkaia guztian zabaltzen joan ziran, eta oso herrikoi bihurtu ziran. Hainbesteragino zabaldu zan, ze txakolinak ardao gazte eta freskoa ez eze tokiak adierazoteko funtzinoa be bereganatu eban. Toki horreetan euskaldunek botila batzuen inguruan euren gauzen ganean eztabaidatzen eben, posturarik harrigarrienak asmatzen ebezan, edo eguneroko lana amaituta ondo merezitako atsedena hartzen eben.

Mahastien eta Txakolinaren desagerpena ia ekarri eban krisi haundi baten ostean, 1980 aldera protagonismoa berreskuratzen dau, haize barriak datoz. Txakolina ardao kontzeptu moduan ulertzen hasten da, ekoizpen lekuak upeltegi moduan eta azken produktua kalitate handiko ardaoen munduan leku bat euki daikeen ardao berezi baten moduan.

Irakurri gehiago