Baliabideak

 

San Martin ermitea

Bakion haren antxinatasunagaitik eta administratzeko moduagatik bitxi historikotzat hartu geinken erakundea daukagu: Tours-eko San Martineko Kofradia, Zubiaurrealde auzoan dagoana eta zuztarrak Bizkaiko Foruan daukazana. Ez dago kofradia honen jatorriaren ganeko daturik, aurreko Akta Liburua desagertu zalako -oraingoa 1915ekoa da- eta gerra zibilean Gernika erre eta ondorioz bertan jaubetzako erregistro datuak galdu ziralako. Edozelan be, Bakioko Parrokiaren ostekoa dala pentsetan da.

Kofradiaren izakerearen ezaugarriak

Kofradiakideak baserriak dira, baina ez jaubeak persona fisiko modura. Horrenbestez, baserri bakotxak bere ondasunen titularidadea ez eze San Martineko Kofradiaren zati alikuotarena be badauka.

1915eko akta 1915eko akta 1915eko akta 1915eko akta

Tradizinoz kofradia bere patroiaren jaia ospatzeko batzen da zemendiaren 11n eta, bide batez, kontuen balantzea egin eta ondasunak administratzen dabez.

1979ra arte, zemendiaren 11n, ermitan meza santua egin ostean, kofradia Goitia baserriko kolarrean batzen zan, baserri horrek ermitauaren ardurea eukan eta.

Akta liburuan agertzen dan moduan, 1915ean 35 kidek osotzen eben kofradia; akta liburuak ondoko izenak jasoten dauz berbarik berba: "Goicolea, Arza (2), Ochategui (2), Ochateguichu, Garay, Garaychu, Torrea, Ardanza (2), Uribarri, Uribarrigoicoa, Echebarrialde, Beascoa, Saituchu, Saituena, Saitua Mayor, Jaureguizar, Goitia, Ugarte, Gabancho, Barturen (2), Lorrea, Amezaga, Ugaldechu, Ugalde, Echebarri, Garategui, Jáuregui, Tabernazar, Zubiaur (2) y Aricheta".

1947an bost kide barri sartu ziran kofradian: "Iberbide, Errotachu, Musiquena, Echechubarri, y Arteche (mitad norte)"; horrela, 40 kidek osoturiko kofradia eratu zan, hau da, gaur egun titularidadea daukienak.

Jatorrizko Akta Liburuan agertzen diran baserri izenak berbarik berba transkribatu dira.

Kofradia ermita eta inguruko lurraren jaubea da. Lur hau gaur egun lantzarra da, baina aspaldi urtero-urtero zozkatzen zan kofradiakideen artean ustiatu ahal izateko, aktetan 1916tik agertzen dan moduan.

San Martin egunean auzokideek gero eta gehiago parte hartu daben ezkero, 1983an kofradian 13 persona fisiko sartu ziran, pisu eta etxeetako titularrak eta, kasu bakanen baten, maizterrak be. Ekinbide hori kofradiaren espirituaren kontrakoa zala ikusita, 2003an erabagi hori ezeztatu zan eta 30 urte baino gehiago daukazan 1947ko aktara jo zan; horrela, 40 kofradiakideko kopurua ostera be ezarri zan.

Kofradiak lanean dihardu Ondasunen Komunidade baten bitartez era juridikoa hartu ahal izateko, indarreko xedapenakaz bat etorriz. Horren ondorioz, hemendik gitxira kofradiakideek Komunidade hori eratzeko batzar batera deia egingo dabe.

Irakurri gehiago