Baliabideak

 

Andra Mariren parrokia

Lantxo labur honek Bakioko gure Parrokiaren historia ezagutarazo gura dau ezertariko argibide zehatz eta berezi barik. Gure geografiako beste parroki askok lez, ez dauka historia ezagunik orokorrean baina denboran zehar muin eragile bat sortu dau. Herriaren bihotza izan da eta herri honen bizitzan garrantzi handia izaten dirau. Eleiztarrak euren ahaleginez eta laguntzaz egindakoa dalako, zaindu ere egin dabelako, euren ondasunekaz lagundu egin deutsielako eta eleizkizunetara joan dira eta jaoten jarraitzen dabelako.

Hamargarren mendean egin eben auzotarren artean, nekazari eta arrantzaleak gehien baten, eta urteetan zehar aldaketa asko izan ditu.

Egun eta gaueko orduen iragarlea izan da, herriko gertakizunik garrantzitsuenen lekuko: bertatik igaro edo bere bidez zabaldu izan diralako.

Bere kanpaien iraulketen arabera alaitu edo goibeldu egin dira herritarrak. Hiletak, jaunartzeak, bateoak, suteak, uriolak..., edozein premina edo hondamendi iragarri izan da kanpai-hots ezbardinen bidez.

Lana, osasuna, bakea eta zorionagaitik eskerrak emotera edo euren hildakoei onena emon daioen eskatzera joan diran sinismendunentzako pozbide ere izan da.

Barru barruko, berezko eta guztiok maitatzen ditugun gauza gehienak lez, Bakioko Eleizeak ez dauka historia berezirik. Antxinatik datorren historia da, bere herritik, Bakiotik datorrena.

Bere inguruan ziran baserri multzoen artean osotutako herritik, jaiegunetan eleizkizunetara joaten zan sinismendun herriarengandik. Eleizkizun-leku izateaz gain batzarleku ere izaten zan eta oraindik izaten jarraitzen dau. Eleizpeko aurretiz eta osteko egotaldiak, auzotarren arteko batabesteagazko hartuemona, ezaupide eta adiskide barriak (ziur ezkontza bat baino gehiagorako lehen urratsa izan dala), solasaldi asko eta luzeetarako lekua; zelango mahats urtea, gari edo arto urte, arraintza edo ehiza joan-etorri eta herriko aste barruko barrien zabalpen leku.

Ikuspegi panoramikoaEleizpe hau, eskutu eta babesleku ere izaten eben. Batzutan, eguzki eta berotatik babesteko eta besteetan euri eta hotzetik.

Parrokia honek ez dauka arkitektura ezaugarri berezirik; Andra Mari Parrokia baino ez da. Gure lurraldean han-hor-hemenka zabalduta diran beste asko lez.

Landu bako hare-harriz egindako hormak ditu, harriak pilatuz egindako harresiak ertz-harri landuekaz, zura eta teilazko estalkiaz eta denboran zehar zelan aldatzen joan dan erakutsiko deuskuen tankera ezbardinen ezaugarriekaz.

Irakurri gehiago