Baliabideak

 

Gorrondonako museoa

Erlijio-arkitekturari jagokonez, Andra Mariko eleizea aitatu behar da, estilo gotikokoa –XVI. mendearen hasikerakoa–, X. mendean eregia, eleizatearen gune nagusia dan Basigo auzoan Jata mendiaren hegian dagoana; San Pelaioko eleizea, landako estilo erromanikokoa –XII. mendearen bigarren erdialdekoa–, Burgoa mendiaren hegiaren ganean dagoana; eta Gaztelugatxekoa, X. mendean sortu zan eta egun Bermeoko jurisdikziopean dagoana.

Aitamen berezia merezi dabe Zubiaurraldeko San Martin, Urkitzaurraldeko Santa Urtsula, Azeretxoko Doneztebe, Bentaldeko San Kristobal eta Zubiaurraldeko Santa Katalina baseleizek.

Arkitektura zibilaren barruan ondokoak dira azpimarratzekoak: Ormatza eta Elexpuru jauregiak, estilo barrokokoak –XVII. mendekoak–, eleizatik hur dagozanak; Quinta-Torre etxe handi-dotorea eta Feliena jauregi narriatua, Basigo auzoan dagozan eta XIX. mendeko paristar ereduen eraginak daukiezanak; eta beste etxe handi-dotore eta jauregi batzuk, esaterako Bentaldeko Torrea eta Itxaso-Ondo eta Basigoko Rosario Enea eta Balandako Torretxea.

Museoen ganean, aitatzekoak dira ostalaritzako hiru lokal ezagunetan dagozanak:

  • Eneperi, museo etnografikoa, Eneperi jatetxearen barruan.
  • Gorrondona, txakolinaren museoa, Gorrondona txakolindegiaren barruan dagoana.
  • Zintziri errota, izen bereko jatetxean dago. Museoaren erakusketa honetan ondokoak ikusi daitekez: gaseosagintzea, iturrien erakusketea, soloko tresnak, aroztegiko tresnak, antxinako errotearen barriztapen lanak eta funtzionamendua, milurteko "Elexpuruko pinuaren enborraren erakusketea"—2003ko urtarrileko ekaitz gogor batek lurrera botatakoa—, antxinako argazkiak...
    San Pelaio eliza