Historia

 

Andra Mari Eguna (abuztuaren 15a)


Andra Mari egunez joaten ziran udaleko ordezkariak, alkatea eta zinegotziak, udaletxetik goiko eleizaginoko ibilbidean, oinez eta dotore jantzita, meza nagusira joan be.

Herriko txistulariak bidea zabalduz joaten zirala, bigarren lekuan udaltzain bat joaten zan lepoaren ganean herriko ikurrina eroaten, eta gero, atzetik, udaleko kide guztiak.

Eleizan mezea entzutera sartu eta aldare nagusiaren ezker aldean, aurrez aurre eta zutunduta iminten eben herriko ikurrina.

Kontsagrazinoan, aurretxuan herriko ikurrina kenduta, eleizpetik txistularien Agur Jaunak eresia entzuten zan.

Kontsagrazinoaren ostean, barrian iminten eben ikurrina lehengo lekuan, mezea amaitutakoan batu egin arte.

Mezearen ostean dantzak egoten ziran eleiz aurrean eta ardao gozoa eta gailetak eurrez bananduten ebezan herritarren artean.

Ekandu hau guda aurretik zein ostetik urte askotan egin izan da Bakion.

San Joan Doloz Eguna (abuztuaren 29a)

Joan Bateatzaileak heriotza gainditu ebala ospatu eta antxineko ekanduari jarraituz, jai egun hori abuztuaren 29an egiten da Urizarretako (orduan Oruezarreta) zelaietan.

Agiri zaharretan esaten danez, 1.495. urtean sortu ei eben San Jon Doloz eguneko lehenengo erromeria Urizarretako zelaietan.

XVII. gizaldiaren erdirantza erromeri hori sano sustartuta egoan inguruetako biztanleengan.

Bermeoko udala urtero joaten izan da egun horretan Gaztelugatxera eta hango abadeari ondasunen azalpena eskatuten izan deutso, Bermeoko jaubetzaren lekukotza agiri baten jasoz.

Horrela, antxinatik Gaztelugatxeko San Joaneko baselizan mezea entzun, hango ondasunen inbentario egin (daukagunik eta zaharrena 1645. urtekoa da) eta Urizarretako erromerira joaten izan dira eguna emoten.

Geroago, Zubiaur eta San Pelaioko 135 auzokideen eskaria onartu eta auzook Bakiogaz bat egin ebenetik, herri bietako udalak urtean-urtean alkartzen dira inguru horretan Bermeoko Udalaren gonbidapenaz. Ostean, herri biotako udalkideek bazkaria egiten dabe Urizarretan.

San Joan Doloztxu Eguna (abuztuaren 30a)

Guda aurretik, San Joan Doloztxu egunean, eguerdian, sokako aurreskua egiten zan Bakion.

Ziriako Garai Ardantzako eta Raimundo Bilbao Aurrekoetxeko izaten ziran aurresku eta atzeskularia, hurrengorik hurrengora.

Tabernalden egiten eben sokako aurreskua, herriko jaien barruan.

Dantzari biok eskua alkarreri emonda, lehenengo aurreskulariak egiten eban dantzan, gero atzeskulariak. Ostean, andra bat ataraten eben eta hareri aurreskulariak egiten eutson dantzan. Hurrengoan, beste andra bat ataraten eben eta atzeskulariak egiten eutson dantzan. Gero, herria, andra-gizonak bikoteka, artean sartuten zan, zapi baten bitartez sokan alkarreri oratuta (guda ostean, barriz, zapi barik eskua alkarreri emonda). Aurreskularia eta atzeskularia, barriz, alboko andreari txapelaren bitartez lotuta egoten ziran. Atzesku eta aurreskulariak dantzaldi bana egin ostean, danok jota eta porrusaldea egiten ebezan.

Gregorio Agirre Garaitxukoak be noz edo noz sokako aurreskuan egiten eban, baita Ziriako Egia Egianekoak be.