Historia

 

Bakioko jai-egutegia San Jose jaiagaz batera hasten da martiaren 19an. Jaiotan urtero aurkeztu eta babesten da txakolin-uztea. Era berean, tradizinoko "Idi-proben San Jose Sari Nagusia (pisu erkatua)" nabarmentzen da.

Bagilaren 24an San Joan jaia ospatzen da, fanfarearen musikeak egun osoan alaitua, Gaztelugatxetik Bakioratzen diran erromes ugariei harrera egiteko.

Aurretik, bagilaren 23ko gauan, Zubiaurraldeko zubian "San Joan jaia" ospatzen da, herri "sardinada" egiten dala.

Bagilak 26 daukanean, San Pelaio ermiteak bere onomastikea ospatzen dau eta eleiztar asko bertaratzen dira. Bertan gailetak eta ardaoa banantzen jakez.

Jai nagusien sarrera moduan, Andra Mari jaia ospatzen da, abuztuaren 15ean, parrokiaren zaindariaren eguna ospatzeko. Eguna hasteko, kalejirea egiten da, ostean Meza Nagusia eta beste hainbat ekitaldi eta, amaitzeko, Itxas-Alderen jantza-erakustaldia eta Zubiaurralde auzoko jantzaldia.

San Joan Dolozak Zaindariaren Jaiak abuztuaren azken egunetan ospatzen dira. Jaiotan jai-ekitaldien egitarau bizia garatzen da, koadrilak eta fanfareak, txistulari eta buruhandien kalejirak, soinulariak, herri kirolak, pelota txapelketak eta hondartzako su artifizialak alaituta, besteak beste. Eneperi Egunagaz batera amaitzen dira jai horreek, paella lehiaketa ospetsua Urizarretako zelaietan eginez.