Bakioko historia

Erdi Aroan sortu zanean, Bakioko Eleizatea auzunetan antolatuta egoan eta gune nagusi bi eukazan: alde batetik, Basigo –beraren barruan Mungiakoa zan barrendegi bat egoan– Eleizate independientea, parroki eleizea dauana; eta, beste alde batetik, Zubiaurrealdek eta San Pelaiok osotutako gunea. Gune horretako auzo biok Bakiok 1927an beretu arte Bermeo urikoak ziran.

Bertako ekonomia landakoa zan, baserria ardatz eukana, eta ia ez egoan ingurukoakazko ekonomi hartu-emonik.

XIII. mendetik aurrera, ekonomi jarduera handiagoaren ondorioz, familia batzuk udalerriaren jaube egin ziran. Orduan sortu ziran burdinola ospetsuak eta errota honeek: Goikolea -Burdinola eta Errota-, Gaztañazarreta (Kurtzikena), Olatxu -Burdinola eta Errota-, Urgura, Eitzaga, Zubiaurrerrotatxu (Errotatxu), Balandaerrota (Telleria), Elexpuruerrota (Katxuena), Errotatxu (Panaderiena), Bekoerrota, Bengolea -Burdinola eta Errota-, Urkitzaerrotazarra, Errotabarri, Urgitxi, Olazarra -Burdinola eta Errota-, Ureta, Azeretxokoerrota, Olabarri -Burdinola eta Errota-, Ondarra -Burdinola eta Errota- eta Ibarraerrota.

XVIII. mendearen amaieran jaubetza udalerriko bertako familia boteretsuen talde baten eskuetan bildu zan arian-arian: Elexpuru, Ormatza, Artetxe, Ciudad Realgo dukea, markes Mortarakoa, markes Torrecillakoa eta Sota, besteak beste.

1870 inguruan, Gerra Karlisten eta ekonomi krisien ondorioz, bakiotar askok Kubara joan behar izan eben, eta mendearen amaieran itzuli eta sekulako etxeak (Quinta-Torre, Clotilde etxea, Feliena...) eregi ebezan, egun irauten dabenak.

XX. mendean udako lehenengo egoitzak sortu ziran: Etxegorri (Pili-Palas), Itxas-Begi, Bitz-Gane, Itxas-Ondo eta abar. 1970etik aurrera eraikin mota honeek ugaritu eta udalerrian zehar zabaldu ziran.

Historia