Kokagunea

Bakio udalerria URIBEko eskualdean dago eta Mungiatik eta Bermeotik 12na kilometrora dago, Burgoa (447 metro), Garbola (474 metro) eta Jata (592 metro) mendiak inguratuta. Lehenengo mendi biak Sollubetik Matxitxako lurmuturreraino jaisten dan mendikatean dagoz eta hirugarrenetik –Jatatik– Bakio, Gaztelugatxe eta Aketx atxa ikusi ahal doguz.

Ibai bik zeharkatzen dabe Bakioko ibarra: nagusia Zarraga ibaia da, kaiaren ondoan amaitu baino lehen izen bereko trokartetik eta Elorriaga, Karrakola, Amutzaga eta Osinagako trokarteetatik eta erreka askotatik datozan urak jasoten dauzana; bestea Ondarra ibai txikia da, Burgoa eta Garbola mendien hegaletatik datorran eta hondartza erdi-erdian amaitzen dana.

Gure herriak 112 baserri daukaz, 7 auzotan banatuta dagozanak. Zazpi auzo horreek honakook doguz: Artzalde, Basigo (Elexalde, XX. mendearen erdialdera arte), Bentalde, Goitisoloalde, Urkitzaurralde, San Pelaio eta Zubiaurralde. Hedadura 16,12 km²-koa da.

Honako mugakideok dauz: Iparraldean Bizkaiko Golkoa, Hegoaldean Mungia, Ekialdean Bermeo eta Mendebaldean Mungia, Maruri-Jatabe eta Lemoiz.

Mungiatik udalerrira sartzeko bidea BI-3101 toki errepidea da. Lemoiztik sartzeko bideak BI-2153 (Lemoiz-Armintza) eta BI-3152 (Armintza-Bakio) foru errepideak dira. Ohiko talde-garraiabidea BizkaiBus autobus linea da.