Bakioko Udaleko alkate andrearen eta zinegotzien jardunerako kode etikoa

Zioen azalpena

Gaur egun ia adostasun osoa dago administrazio publikoa kudeatzeko garaian eduki beharreko irizpideen inguruan: gardentasuna, interes publikoa nagusi izatea, kargu publikoa alderdiaren edo norberaren xedeetarako ez erabiltzea, karguarengatik eduki daiteken informazio pribilegiatua ez erabiltzea norberaren onurarako, legeria zehatz-mehatz betetzea, administrazioko kontratazioetan publizitate eta konkurrentzia printzipioak, langileen hautaketarako meritu eta gaitasuna, gastu publikoaren kontrol zorrotza, e.a.

Hala ere, eguneroko praktika teoriarengandik urrundu daiteke eta benetako ilegalitate egoerak eman daitezke, edo gutxienez, moraltasunik gabeko egoerak. Egoera horiei aurre hartzeko helburuarekin, gobernuan ardura duten kargu politikoen funtzionamendurako kode etiko bat idaztea erabaki da, zeinen bitartez jarduera politikoan ustelkeria egoerak saihestu nahi diren.


Dekalogoa

A. Alkatearen eta zinegotzien lan jarduneko irizpideak
  1. Legezkotasuna hertsiki betetzea kontratazio administratiboaren arloan.
  2. Udal korporazioko kide guztiek datuak babesteko agiria izenpetuko dute.
  3. Organoen eskumenak errespetatzea eta legez ezarritako prozedurak aintzat hartzea.
  4. Udalaren jatorrizko espedienteak ez hartzea eta ez eramatea. Espediente guztiak udal taldeen esku egongo dira eta behar adina kopia atera ahalko dira. Nolanahi ere, jatorrizkoak udal bulegoetan gordeko dira.

B. Irizpide orokorrak

Oro har, honako filosofia honen arabera jardungo da:

  • Eginkizunak beteko dira toki erakundearen eskumenekin bat etorriz.
  • Kudeaketa eremuaren peko pertsonak, haien lan efikazia eta asebetetze maila optimizatuz.
  • Agintearen erabilera desegokia saihestea.
  • Zuzendaritzapeko pertsonen ekintza edo omisioen ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak bere gain hartzea oso-osoan.
  • Lanaren planifikazioa eta antolamendua, banaketa eta betetze maila nahiz haren kalitate kontrola aurrera eramatea, efikaziarik handiena helburu.
  • Giza baliabideak zuzentzea eta kudeatzea taldea osatzen duten pertsonekiko komunikazioaren eta prestakuntzaren bidez.
  • Arauak ez betetzea, jardun ez-etikoak edo beharrezkoak ez diren arriskuak ekar ditzaketen usadioak, azturak edo ohiturak ez ahalbidetzea.
  • Karguari datxezkion eginkizunak eta lanak albait ardurarik eta gardentasunik handienarekin betetzea.
  • Karguaren ondorioz lortutako informazio pribilegiatuan oinarritutako operazio edo eragiketarik ez egitea ez norberaren kontura, ezta inguruko pertsonen bidez ere.
  • Jarduketarik ez burutzea, ez norberak ez eta bere inguruko pertsonen bitartez, zinegotziak lotura zuzena edo zeharkakoa duen negozioei edo beste jarduerei edo interesei lotutakorik.
  • Bere eskura jarritako baliabide materialak eta giza baliabideak kudeaketa administratiboaren lanerako baizik ez erabiltzea, erabilera partikularrak edo udal jarduketarenak ez diren erabilerak saihestuz.
  • Kontraturik ez egitea ondasun, eskubide edo bestelako obligazioen gainean, legez ezarritako prozedura kontuan izan gabe.
  • Konfidentzialtasunaren printzipioa errespetatzea.
  • Herritarrei inolako konpentsaziorik, promesik edo atentziorik ez eskaintzea harremanen edo lan pertsonalen ordainetan.