Korporazioa

 

Alkatea

Amets Jauregizar Baraiazarra (EH Bildu)

Eskurantzak

1. Alkatea udalburua da eta, eskuordetzen ez dauzan bitartean, eskurantza honeek daukaz:

a) Udalaren gobernua eta administrazinoa zuzentzea.

b) Udala ordezkatzea.

c) Osoko Bilkurearen batzarretara deitzea eta hareetan buru jardutea, Toki Araubidearen Oinarriak araupetu dauzan Legean eta hauteskundeei buruzko legeria orokorrean ezarritako balizkoetan izan ezik, Gobernu Batzordearen eta Udalaren ganerako organo guztien batzarretan be gauza bera egitea, hau da, deitu eta buru jardun, eta batzar horreetako hautespenetan suertatzen diran hainbanaketak kalitate-botoaren bidez erabagitea.

d) Udalaren zerbitzuak eta obrak zuzentzea, ikuskatzea eta bultzatzea.

e) Bandoak emotea.

f) Udalaren arloko ekonomikoa garatzea onetsitako aurrekontuaren arabera; gastuak agintzea bere eskumeneko mugen barruan; kreditu-eragiketak berbatutea, Toki Ogasunak araupetu dauzan abenduaren 28ko 39/1988 Legeko 158.5. artikuluan ezarritakoak izan ezik, aurrekontuan aurreikusita badagoz eta ekitaldi baten guztira baliabide arrunten %10 gainditu barik, diruzaintzakoak izan ezik, ze horrelakoetan eragiketa bizietan metatutako kopurua ezin da izan aurreko ekitaldian likidatutako sarreren %15 baino gehiago; ordainketak agintzea eta kontuen barri emotea; horrek guztiak Toki Ogasunak araupetu dauzan Legean ezarritakoagaz bat etorriz egin behar dauz.

g) Lan eskaintza publikoa onestea Osoko Bilkureak onetsitako aurrekontuagaz eta plantileagaz bat etorriz, langileak aukeratzeko proben oinarriak eta lanpostuak horniduteko lehiaketen oinarriak onestea, eta finkoak eta aldian aldikoak ez diran ordainsari osagarriak banatzea.

h) Langile guztien goi burua izatea eta hareen izendapenak eta zehapenak erabagitea, are Udalbatzako funtzionarioen zerbitzutik kanporatzea eta lan-kontratuko langileak iraiztea be; horreetariko bat jazo ezkero, Osoko Bilkureari jakinarazo behar deutso egiten dauan lehenengo batzarrean. Eskurantza honek ez dauka eraginik lege honetako 99. artikuluko 1. eta 3. artikuluetan xedatutakoan.

i) Udaltzaingoaren burua izatea.

j) Plangintza orokorra garatzeko bitartekoak onestea, eskumena Osoko Bilkureak beren beregi eratxikita ez daukanean, eta hirigintzaren kudeaketarako bitartekoak eta urbanizazino proiektuak onestea.

k) Bere eskumeneko gaietan, epaitegi eta administrazino egintzak egitea eta Udala aldeztea, nahiz eta beste organo bati eskuordetuta euki, eta gauza bera Osoko Bilkurearen eskumeneko gaietan presaz jardun behar danean; halan gertatzen danean, egiten dauan lehenengo batzarrean jakinarazo behar deutso, berretsi daian.

l) Alkatetzearen eskumeneko gaietan Osoko Bilkureari egintzen zaurkortasuna adierazotea proposatzea.

m) Hondamendi edo ezbehar handia jazo ezkero eta herritarrak arriskuan suertau ezkero, bere kautan eta bere erantzukizunpean behar diran neurriak agintzea; gero, Osoko Bilkureari jakinarazo behar deutsoz berehala.

n) Bere agintaritzeari jaramon egiten ez deutsoenei eta udal ordenantzak hausten dabezanei zehapenak ezartea, ahalmen hori beste organo batzuena danean izan ezik.

ñ) Era guztietako kontratazinoak eta emokidak, zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez danean, eta gehienez be 6.010.121,04 euro, bai eta lau urte baino gitxiago irauten daben urte askotako kontratuak eta emokidak be, urteko guztiak metatuz sortzen dan kopurua aurrean aitatutako portzentajea baino gehiago ez bada, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arruntak kontuan hartuz, eta beti be aurrean ezarritako kopurua baino gehiago ez bada.

o) Aurrekontuan aurreikusita egonik kontratatzeko edo emoteko eskumena daukan obra eta zerbitzuen proiektuak onestea.

p) Ondasunak eta eskubideak eskuratzea, euren balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez danean eta, beti be, 3.005.060,52 euro gehienez, bai eta ondarea besterentzea be, jarraiko kasuetan adierazoko diran portzentajea eta zenbatekoa gainditu ezean:

  • Ondasun higiezinak, besterentzea aurrekontuan ezarrita badago.
  • Ondasun higikorrak, ondare historiko edo artistikotzat adierazota dagozala aurrekontuan besterentzea aurreikusi ez danean izan ezik.

q) Lizentziak emotea, arloko legeek eskumena Osoko Bilkureari edo Gobernu Batzordeari eskuordetu deutsoenean izan ezik.

r) Udalaren erabagiak argitaratzeko eta beteteko agintzea eta hareek betearazotea.

s) Legeek beren beregi eratxikitako beste guztiak eta Estatuko edo Autonomia Erkidegoko legeriak udalerriari emondakoetatik Udaleko beste organo batzuei ez jagokezanak.

2. Ganera, alkateak izendatzen dauz alkateordeak.

3. Alkateak bere eskurantzak eskuordetu ahal dauz, Osoko Bilkurearen eta Gobernu Batzordearen batzarretara deitzeko eta hareetan buru jardutekoa, hainbanaketak kalitate-botoaren bidez erabagitekoa, kreditu-eragiketak berbatutekoa, langile guztien buru izatea, funtzionarioak zerbitzutik kanporatzeko eta lan-kontratuko langileak iraiztekoa, eta artikulu honetako 1. zenbakiko a), e), j), k), l) eta m) idatz-zatietan adierazitakoak izan ezik. Halan eta guztiz be, j) idatz-zatiko eskurantzak Gobernu Batzordeari eskuordetu ahal deutsoz.